30 urte bete ditu aurten Algara Konpartsak… Zorioneku, Filibusti!!!

1994an sortutako konpartsa dugu ALGARA, Gabriel Aresti euskaltegiaren ekimenen inguruko jaietan lehenik, Zenbat Gara elkartearen inguruan gero, garatzen eta sustraitzen etorri da Algara urte hauetan guztietan. Euskaldunok elkartu eta festetan euskaraz gozatu ahal izateko helburuarekin, Aste Nagusian euskal gune berezia errotu dugu Bailen kaleko Naja gunean, Areatzako zubi ondoan. Lehen ilun eta zikina zen kalea orain gune bizia da jaietan. Ahalegin handia egin dugu urteotan kontzertu eta ekitaldien programazio propioa eginez.

1994 urtean abiatutako ibilbidea ospatzeko, aurten, Filibusti itsasontzi-txosnari egin diogu gorazarre. Euskarak hauspotu eta mugiarazten duen belaontzia, “30 urtez euskarak hauspotua” leloarekin. Gure motibo nagusian ez dira falta izan Pellot bera, bere loroarekin, Algara jendea, denetarikoa.

Askotarikoak dira, halaber, bertan ageri diren aldarrikapenak: kalearen erabilera publikoa, feminismoa, kultura eta kulturak, euskararen zinezko ofizialtasuna, GUKA ekimen euskaltzale berria. Ikusgai dira hizkuntza minorizatuekiko keinuak, baita Palestina, naturarekiko errespetua, jai herrikoiak eta migranteak ere. Piraña batzuk ere badabiltza inguruan, gu izorratu nahian dabiltzanak.

Urtero bezala, Asiskoren laguntza handia izan dugu 30 urte bete dituen gure Filibusti irudikatzeko. Eskerrik asko hari ere eta… Gora jende libreen herri askea!

Algara 2024 egitaraua Aste Nagusian, #Algarak30urte

Algara Konpartsak 30 urte beteko ditu 2024. urte honetan eta Aste Nagusia profitatuko dugu urteurren hori, egunez zein gauez, Pellot eta Marijaiarekin ederto ospatzeko. Hemen duzue osatu dugun egitaraua:

Eguneko egitaraua

Astelehena 19 (IKASLE EGUNA)
11:30 Paella lehiaketa + Jolasak
15:00 Euskara ikasleen bazkaria
16:00 Bingo musikatua
17:00 Poteo musikatua

Asteartea 20 (BERTSO EGUNA)
12:00 Ogi tailerra
Zaparrada Haur Konpartsa
12:00 Bertso poteoa
14:00 Bertso bazkaria
16:00 Aste Nagusiko Bertsolari Gazteen V. Sariketa
17:30 Bertso triki poteoa

Asteazkena 21 (KANTU EGUNA)
12:00 Kantu poteoa, Algaran hasita,
Kuxkuxtu txarangarekin
14:30 Bazkaria
16:00 Bazkalosteko kantaldia Kuxkuxtu
txarangarekin

Osteguna 22
12:00 Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoak: Atxis! ikuskizuna.
Zaparrada Haur Konpartsa

Eguerdiro, astelehenetik ostiralera 13:00etatik 14:30era, Bilbo Hiria irratiaren zuzeneko emanaldiak izango ditugu, jai gunetik bertatik, jaien berri emateko. Aste Nagusiaren protagonista ugari igaroko dira, Algararen karpapean egongo diren Bilboko euskal irratiaren mikrofonoetatik.

Gaueko egitaraua

Larunbata 17 – 23:00
ENDJ

Igandea 18 – 23:00
XSAKARA
HOFE 4.0

Astelehena 19 – 23:00
ETXEKALTE
NIZE
TXOPET

Asteartea 20 – 23:00
EIRE
AMA SAY
ITZEK
+ NAHIA DJ

Asteazkena 21 – 23:00
ZETKIN
LEIHOTIKAN
+ JONKASS DJ

Osteguna 22 – 23:00
AFRIKA
AKATZ
+ PARY & TIZA DJak

Ostirala 23 – 23:00
ENDJ

Larunbata 24 – 23:00
ELEPUNTO DJ

Euskarafobiaren suntsitze-estrategiaren aurrean matxinatu!

Gure txosnaren aurtengo motiboan euskararen aurkako erasoez ohartu eta  horien aurrrean matxinatu beharra nabarmendu dugu, ohi bezala, Asiskoren esku trebeek lagunduta.

Euskarafobia ez da kontu berria, kate luzea duen suntsitze-estrategia baten adibide asko bizi izan ditugu euskaldunok historian. Gaur egungo euskararen aurkako erasoak, epaiak eta hizkuntza-politika suntsitzaileak aspaldi izan zuten abiapuntua, eta aurtengo gure motiboan hori islatu nahi izan dugu. Nora garamatza estrategia horrek? Bada, gure desagerpenera, euskaldunok tinko aurre egin ezean.

Azken garaiotan (ere) hainbat eta hainbat eraso jasan ditugu euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok. Euskara jomugan jarri eta komunikabide batzuen eta epai batzuen bidetik euskara sistematikoki gutxietsia eta baztertua izaten ari da, kasuala ez den estrategia baten barruan. Horrela, epaitegietatik osakidetzako lanpostuetarako oposizioetan edo udaltzain izateko baldintzetan, esaterako, euskara eskatzearen eta euskara jakin behar izatearen aurkako erabaki judizialek gogor eragin digute.

Nola da posible herritarrontzat lan egin beharko lukeen administrazioak herritarren eskubideen aurka egitea? Bide horretan ebazten den epai bakoitzak ez du soilik euskararen aurka egiten, euskaldunon, herritarron aurkako eraso zuzena baita.

-1772: Carlos III.ak eskoletan euskara debekatu
-1867: Espainiako gorteek antzezlanetan euskara debekatu
-1923: Primo de Riverak euskara debekatu ekitaldi publikoetan
-1937: Euskaraz hitz egitea debekatu zuen Frankoren diktadurak.
-2003: Espainiako auzitegi nazionalak EUSKALDUNON EGUNKARIA itxi zuen
-2023: Euskararen ofizialtasunaren aurkako epai andana

Horrela jarraituz gero, laster…

  • Epaileek zerbitzu publikoetan euskaraz egiteko eskubidea kendu
  • Eskoletan euskaraz egitea debekatu
  • Euskaraz hitz egitea debekatu

Atzar hadi, euskaldun hori!

Badator Marijaia, badator Pellot… badator ALGARA!

2022ko egitaraua

Azkenik! urtebete barik, hiru urte igaro behar izan dira Aste Nagusia bueltatzeko, baina oraingoan bai, gure Filibusti txosna-ontzia ezarriko dugu ohiko lekuan, Naja gunean, Bailen kaleak eta Areatzako zubiak bat egiten duten balkoian. Eta, festaren itzulera konpartsok aste hau NAGUSIA izatea nahi dugunez, egitarau potoloa prestatu dugu, gaueko zein eguneko ekitaldi mordoarekin. Hemen duzue egitarauaren kartela baita eguneko zein gaueko egitarauak biltzen dituzten bideoak ere:

2022ko egitaraua

Eguneko programazioari dagokionez, eta larunbateko jaitsieran, txupinaren ekitaldian eta txosnen zabaltze-ibilbidean parte hartu eta biharamunean, igande arratsaldean, Urbeltzen Dantza Ganbara izango dugu, gurean klasikoa den plaza dantza saio irekia Juan Antonio Urbeltz handiaren eskutik.

Astelehenean, euskara ikasleen egunaren tradizioari eutsiko diogu, ohikoa den paella lehiaketarekin, baita jokoak, dantza saioa eta euskara ikasten ari direnen arteko bazkariarekin ere.

Astearten, bertsoek eta bertsolariek txosna hartuko dute, ALGARAn bertso eguna izango baitugu: Lehenik hamaiketakoa 11:30ean, ondoren bertso-poteoa txosnagunean bertso-eskolen eskutik eta, 14:00etan bazkaria ALGARAn. Bazkalostean Bilboko Bertsolari Gazteen III. Sariketa jokatuko da gure karpapean. Bertsolariak Izaro Bilbao, Beñat Astiz, Haizea Telleria eta Jon Mendiluze izango dira, eta gai-jartzailea Unai Mendiburu. Ondoren, bertso-poteoa izango dugu zazpikaleetan barna, bertso-eskolen eskutik eta Roberto Etxebarriaren eskolako trikitilariek girotuta.

Asteazkenean, Iparralde Eguna izango dugu: Herri bazkaria eta, bazkalostean, “Algara Kantari” kantagintza saioa izango dugu Anje Duhalderekin.

Astean zehar, Zaparrada haur konpartsaren eskutik, haurrentzako ekitaldiak izango dira: igande eguerdian haurrentzako programazioari ekingo diogu, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoekin, asteartean, haurrek ogi tailerra izango dute Ostegun eguerdian Mugi Zaitez Diskofesta.

Eta aste osoan ere, baina astelehenetik ostiralera, Bilbo Hiria irratiak zuzeneko irrati saio bereziak egingo ditu 13:00etatik 14:30era, ALGARAtik bertatik. Urtero legez, bertatik igaroko dira Aste Nagusiko pertsonaia nagusiak eta ez hain ezagunak, programazioa eta jaiaren barrunbeak ondo ezagutuko ditugu protagonisten eskutik.

 

Gaueko egitarau indartsua
Indartsua dator gaueko programazioa aurten ALGARAn. Kontzertuei dagokienez, hasteko, lehen igande gauean AKATZ eta SKABIDEAN taldeak izango ditugu ska gau tropikalean; astelehenean gorazarre taldeen txanda izango da BON SCOTT REVIVAL SHOW eta LOS PLATERO taldeekin; asteartean WILLIS DRUMMOND eta ARIMA taldeak izango dira; asteazkenean JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK ETA NIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO (MCONAK ezin izango dira etorri) eta, amaitzeko, ostegunean ZEA MAYS izango dugu. Disko Jartzaileak ere izango dira ALGARA gauetan: ELEPUNTO DJ, EASYER&TRONIS, DJ JONKASS, ENDJ, eta PARY&TIZA.

Beraz, badakizu, datorren astean hurbildu zaitez gure txosnara eta Aste Nagusia goza ezazu gehiago… euskaraz! A, eta egitarau hau osatzeak ahalegin handia eskatzen duela jakitun, jai herrikoiak bultzatu eta txosnetan eskatu!

Ez da ALGARArako garaia baina…

algaracollagea-covid19

(Zortziko handian)

Aurtengo udan, Naja aldean
Ez da entzun algararik

Jende multzorik ez dugu bildu
karpapean pilaturik

Ta Marijaia distantzian dugu
gogoratu tristeturik

Aste Nagusi gabeko uda
ez baitago ulertzerik

Baina pandemia ez da betiko
itzuliko da ALGARA

Hurrengo urtean berriro ere
bueltatuko da euskara

Maskara kendu, pottak banatu
denok batera Naxara

Pellot pirata ta lagunekin
txosnan mozkortuko gara!